Urbasa – Andia parke naturala
Andiako mendizerrak, Urbasako mendizerrarekin batera, Nafarroako Foru Erkidegoko ipar-mendebaldean parke natural zabala sortzen du.
Parke naturalean zehar pagadiak nagusi izan arren, pinuek, haginek eta ipuruek ere presentzia nabaria dute. Mila metroko altitudetik gora dauden lautadetan, txilarrez eta arantzen osaturik dauden larreek basoaren lekua hartzen dute, non ohikoa den ardiak eta behorrak ikustea.
Urbasa espelologia praktikatzeko leku aproposa ere izan daiteke. Izan ere, mendizerra arrakala eta leize ugariz osatutako eremu karstikoa da. Dena den, parke naturalean egin behar den edozein ekintzaren aurretik komeni da informazio zentroa bisitatzea, parke naturalaren paisaia, ekologia eta kultura baloreen informazio eguneratuena lortu nahi bada.
Severinoren borda -bordak deritzogu aziendak eta artzainek ostatu hartzeko prestatutako etxolei- interpretazio gune bihurtu da, artzainen bizitza nolakoa zen erakutsiz.
Mendizerran ere hainbat behatoki daude. Ubabakoa ( Pilatosen Balkoia izenaz ere ezaguna) Urederra iturburuaren goiko partean kokatzen da (NA 718 errepidetik sarrera); Lizarragakoa (N-120tik sarrera) eta Urbasako jauregiaren ondoan kokatzen den mahai panoramikoa.
Urbasa eta Andiako mendizerrak 1997an lortu zuen Parke Naturalaren errekonozimendua. Bertako ingurumen eta kultura baloreei esker, informazio gune bat eta erabilera tradizionalen interpretazio gune bat izateagatik ez ezik, bertako bidexka eta xendengatik ere lortu zuen izendapena.
Bailaratik miresten diren gailurren atzealdean mendi lautada zabal eta izurtua dago, pagadi aberats eta larre amaiezinez beteta; udan milaka ardi, behorrak eta behiak bizitzen dira bertan.
(…) Nafarroa osoko giza-okupazioaren zantzu zaharrenak hemen daude. Honen adibide, Aranzaduiako bifaza, 100.000 urte dituen aizkora, Nafarroako Museoan ikus daitekeena. Silex-harrobiak bertan ziren, ehiztariak gure ingurura etortzen ziren euren tresnak lantzera Urbasako haitzetatik ateratako lanabesak Atapuerkan, Asturiaseko eremu zabal batean eta Landetan agertu izan dira.
Beranduago, historiaurreko lehen artzainek euren hildakoak omentzeko ehunka monumentu eraiki zituzten mendilerro honetan. Monumentu gehienak lurperatuta badaude ere, batzuk oraindik ere ikus daitezke; Arteko Saro eta La Cañada trikuharriak Urbasan eta Andian Haitz Zuri harrespila, Burdin Arokoa. (…)