Aralar mendian orientazioaren praktika gauzatzeko hiru ibilbideez osatutako gunea. Ibilbide hauek zailtasun maila desberdina dute eta logikoa denez, ez daude seinaleztatuta, helburua mendian orientatzen jakin eta hiru ibilbideetan barna banatuta dauden zenbait lekutara (balizak) iristea baita.
Balizek ibilbidearen progresioa adierazten duten zenbakiak dituzte, eta zenbaki bakoitza kolore batean dago, ibilbidearen zailtasuna adierazten duena (berdea, errazena; urdina, zailtasun ertainekoa, eta gorria, zailena).
Orientazio mapa bat diseinatu da, eta bertan ibilbidea osatzen duten puntuak markatuak daude. Helburua, mapa eta ipar orratza erabiliz orientatzea eta, aukeratutako ibilbidearen arabera (berdea, urdina edo gorria), baliza zenbakidunak ondoz ondo bilatzea.
Informazio panela Guardetxeren aparkalekuan dago, bertatik maila ertain eta aurreratuko ibilbideak abiatzen dira. Era berean, Albiko aparkalekutik hasiera mailako ibilbidea abiatzen da.
Aralar elkarteak sustatutako proiektua da hau, Aralar mendiaren natura, paisaia, kultur balioa eta bertan gauzatzen diren erabilera tradizionalak ezagutarazi eta balioan jartzeko sortua. Baita Aralarko naturgunearen erabilera arduratsua eta errespetuzkoa sustatu, eta jolaserako eta aisialdirako aukera osasungarri eta hezigarriak eskaini. Hau dena Sakana eta Plazaola eskualdetako eskaintza turistikoa haundituz.
Nafarroako Gobernuko dirulaguntza jaso du proiektuak, Nafarroa Ezagutu sareko dirulaguntza deialdiaren bitartez.
* Maparen eskala mantentzeko A3 tamainan inprimatu.