Urdiaingo Momoxarroak

Home/Ihauteriak/Urdiaingo Momoxarroak

Urdiaingo Momoxarroak

Mozorroak egiteko, gonak eta larrua nagusi

Hiru egunetan banatzen da Urdiaingo momoxarroen ospakizuna; “mantaeguna”, txikien eguna eta helduen eguna.

Otsailaren seigarrenean aterako dira lehen aldiz momoxarroak Urdiaingo kaleetara. Santa Agedako ospakizunekin bat egingo dute aurten beraz, kintoek euren ospakizunak Otsailaren 5ean hasi eta hiru egun beranduago bukatuko baitituzte. Lehenengo eguna berezia da Urdiainen; ezin da nolanahiko mozorroarekin atera kalera. “Mantaeguna” deritzon lehen egun horretan, haurrek zein gazteek zaku zaharrak eta oihal zatiak erabiltzen dituzte mozorroak egiteko. Makila ahaztu gabe, noski. Arratsaldeko bostetatik aurrera ateratzen dira mozorrotutakoak eta plazatik gora ibiltzen dira alde batera eta bestera.

Astelehenean atseden eguna egin ondoren, asteartean amaitzen dira momoxarroak Urdiainen. Igandean kaleetan momoxarro txikiak ikusi ondoren, asteartean helduentzako eguna da. Bi mozorro mota nagusitzen dira helduen artean: batetik, gona eta soineko zaharrak soinean janzten dituztenak, eta bestetik, aurpegia oihalez estali eta animalien larruak bizkarrean eramaten dituztenak.

Larunbata pasatu ondoren, egun jendetsuena igandea izaten da, txikien eguna. Haurrak izaten dira bereziki mozorrotuta ateratzen direnak, eta zaharragoei ihes egitea tokatzen zaie gazteagoek, euren makila eta guzti, harrapatu ez ditzaten. Mota guztietako mozorroak nahasten diren txikien egunean, baina badira ere jada txikitatik animaliaren baten larrua bizkarrean eramaten dutenak.

Urdiaingo inauterien beste berezitasunetako bat mozorrotuta ez daudenek momoxarroen atentzioa deitzeko abesten duten abesti propioa da: Momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia jan da putza gero, arre konpainero.

Larunbatetik asteartera arte, beraz, soinekodun momoxarroek, animalien larrua daramatenek, “mantaegunez” jantzitakoek eta beste askok bat egingo dute mozorrotuta ez daudenen atzetik korrika egiteko gogoz. Kintoak ere tartean ibiliko dira Urdiaingo kaleetan barrena.